Erdi Aroko Igartza


Jauregi bihurtu baino lehen, dorrea izan zen Igartza. Beraz, Erdi Aroan betetzen zuen zereginak nolabaiteko kutsu militarra zuen. Gure aurrekoek balio estrategiko handiko gunetzat jotzen zuten Igartza. Toki horri buruz topatu dugun agiririk zaharrenak, 1340koa, Gipuzkoan zehar orientabidetzat erabiltzen duen gakoa, Igartzako zubia da, esate baterako.

Hori dela eta, Ahaide Nagusien gerrateen garaian Igartzak hartzen duen garrantziak, ez gaitu harritu behar. Azken finean, horrelako egoera larrietan garrantzitsua izateko eraikia izan zen eta.

XV. mendearen hasieran (1420. urteaz geroztik edo), Igartzan bizi izandako borroka-adibide ederra dugu. Lazkaoko Jaunaren alboan topatzen dugu beti gure Igartza. Alabaina, Lope Gartzia Loiolako eta Joan Lopez Igartzako, Lazkaotarren Nagusi zen Joan Lopez Lazkaokoren buruzagitza zalantzan jartzen ausartu ziren. Joan Lopezen erantzuna berehalakoa izan zen: denen etsai zen Ladron Baldakorekin bat eginez, Loiolako etxea inguratu eta bonbardez eraso zion!. Bonbardak —ala lonbardak- harritzarrak jaurtitzen zituzten aho zabaleko kanoiak dira. Dena den, kanoikada horiek ez zioten kalte gehiegi egin Loiolako horma sendoari. Orduan, erasoa Igartzaren aurka zuzendu zuten.

Orduko kronikagileen arabera, Igartzako hormek ez zioten erasoari eutsi, eta egun hartan hildako asko suertatu ziren.

Hori gutxi bailitzan, 1456an Gaztelako erregeak, Enrike IV.ak, dorretxeek zituzten gerrarako osagai guztiak birrintzea agindu zuen. Dorretxeak guztiz eraldatu eta berreraiki behar izan ziren. Ahaide Nagusien garaiarenak egin zuenaren seinale.

Orduko Igartzako Jaunak, Martin Perez Altzagakok, ez zuen gogo onez onartu suntsiketa hura. Hori zela eta, Gaztelako Koroarekiko harremanak eten eta Nafarroako erregearen babespean bere burua jarrita, hainbat urtez, Gaztelaren aurka aritu zen.

Halere, 1475. urtean, atzerako bidea egin zuen eta Gaztelako Erregearekin bakeak eginda, Igartzako multzoa berriro martxan jarri zuen.

Igartzak bizimodu berritu bati aurre egin behar izan zion. Horregatik, Igartzako Jaun-Andereek, gotorlekua berriztatu beharrean, XVI. mendeko jauregi bat eraiki zuten, egun ikusten dugun jauregi berbera hain zuzen.

 

Igartzaren jabetza aldarrikatu

 


Igartzako arduradunak hil ondoren, beren ondorengoei zegokien jabetza gauzatzea. Horretarako, erritual ikusgarri bat antzezten da, non eta keinu bakoitzak esanahi zehatz eta sakona duen.

Jabetza eskuratzen zuen Jaunak edo Andereak edota herriek izendatzen zuten ahalordeak, Igartzako multzoa osatzen zuten etxe eta eraikin guztiak bisitatu behar zituen, Jaun/Andere eta Jabe zela adierazteko.

Jauregian, adibidez, Jaun/Andere berriak zerbitzariak kanporatu eta ate zein leiho guztiak itxi egiten zituen. Zertxobait beranduago, inork txintik esan gabe, berriro dena ireki eta jabetza aldarrikatzen zuen. Gero, zerbitzariak eta maizterrak, eskutik heldu eta berriro etxeratzen zituen, haiek, aldez aurretik, Jaun-Andereekiko menpekotasuna aitortuta.

Burdinolari dagokionez, martxan zegoenean sartu egiten zen. Burdina sutan zegoela, eraikina goitik behera zeharkatzen zuen. Gero, hauspoak eta gabikoa eragiten zituen, uraren emaria eten eta langileak kanporatzen zituen. Bakarrik zegoenean, uraren bidea ireki eta langileak berriro onartzen zituen.

Igartzako ospitaleko ate guztiak ere itxi egiten zituen. Etxe hartaz arduratzen zen ospitalezainari bertan jarraitu nahi zuen galdetzen zion eta hark baietza eman ondoren, zaintza horretan segitzeko berresten zuen.

Gero, Beasaingo elizan, Igartzari zegozkion eserlekuak eta kapilautza bisitatzen zituen eta horrekin batera Etxeari zor zitzaizkion lehentasunak aldarrikatzen zituen. Eserlekua, gainera, gainerako auzokideena baino altuago egoten zen, Ebanjelio aldean.

Azkenik, Igartzara itzuli eta Dolare-etxeaz jabetzen zen, maizterra kaleratu eta etxea itxi ondoren, etxea ireki eta maizterra bertan sartzen zen eskutik helduta.