|
Beasainen
historiari begirada luzatzerakoan bi tarte bereiz ditzakegu; lehenengoa
Erdi Arotik datorkigu eta Beasain Gipuzkoako Etxe handian txertatu
zuen; bigarrena XIX. mendean abiatu zen, industria modernoa iristeak
bi alde historiko hauek banatzen dituelarik. Hortaz, XXI.
mendearen hastapenetan hain bizia azaltzen zaigun gure hiriak
bizimodu oso bestelakoa izan du orain dela gutxi arte.
Beasaingo
gunean bizi ziren pertsonek erabateko nortasuna eta antolatzeko
beharra XVI. mendearen bukaeran erdietsi zuten. Orduan, Ahaide
Nagusiei aurre egitea kezka nagusia zutela esan dezakegu, Gatazka
horretan une hartan jaiotzen ari zen Gipuzkoari lotzea aukeratu
zutelarik. Hau dela eta, 1399. urtean Ordiziako babespean sartu
eta elkarlanean aritzea erabaki zuten, Ahaide Nagusien Erdi Aroko
gizarte-ereduari, adibidez Igartzako Jaun-Andereek islatzen zutenari,
bizkarra emanez.
Dena
den, Ordizia bezalako hiribildu ahaltsuek ere, batez ere hiribildu
honetan agintzen zuten udalbatzek, ez zuten bermatzen inguruko
herrixken askatasuna. Horregatik, 1615. urtean inguruko gainontzeko
herriekin batera, Ordiziatik banandu eta hiribildua sortzea deliberatu
zuen Beasaingo jendeak. Hemendik aurrera, Beasaindarrek antolaketa
propioa garatzen dute, Gipuzkoako beste edozein hiribilduren gisara:
alkate-epailea aukeratzeko parada; hala Lurraldeko Batzarretan
ordezkaria izateko eskubidea nola gastu amonkomunak ordaintzeko
beharra, eta abar.
Batzarretako
gastuak murritzeko asmoz, Beasainek bera bezalako herrien elkarlana
bilatzen zuen, Zaldibia-Arama, Ataun-Zaldibia, edota Ataun-Idiazabalekin
hainbat Elkargo sortuz. Era berean, mendien hustiaketaren inguruan
partzuergoak sortzea guztiz arrunta zen. Astigarreta eta Gudugarretarekin
osatutakoak, esate baterako, 1811. urtera arte iraun zuen.
Esan
bezala, XIX. mendeko 80. hamarkadatik, industria modernoak Beasain
zahar hau eraldatu zuen. Beasainen kokatu ziren Gipuzkoako lehendabiziko
Labe Garaiak, baita ere Euskal Herriko lehendabiziko hojalata
ekoizleak ere, langile ingelesak eta guzti. Entrepresa mota berriak
jarri ziren martxan ondoren; horra hor inprimagintza, elektrizitatea
eta Beasaingo ikurra bilakatu den tren-makinariarena.
Kanpoko
langileak iritsiko dira gurera, Beasain berritu bat sortuz eta
usadio zaharrean oinarritutako gizartea pixkanaka-pixkanaka gaindituz.
Buru-hausterik garrantzitsuenak ez dira jada etorriko Igartzako
Jaun-Andereengandik ala inguruko herriekiko lehiarengandik, baizik
eta Beasain berri horrek dituen beharrengandik. Populazioa hasteak
zerbitzuak handitzea eta toki gehiako betetzea eskatuko du.
Aurrera
begira ere lehendik ezagutzen ez ziren erronkak azaltzen dira.
Adibidez, Beasain berri horrek irentsi ez zuen ondarea, Igartzako
gunea, alegia, gordetzea, gure herri hau nondik eta nola garatu
eta osatu den ulertu ahal izateko.
|